URZAINKIKO BORTALARIAK
Ate bakoitzaren atzean pertsona bat dago eta, berarekin, istorio bat kontatzeko. Hilabete hauetan ikusi ahal izan dugu gure herria, ibarraren historiak ez ezik, urteetan zehar bertan bizi izan diren hainbat familiaren istorioek osatzen dutela.
Espero genuen bezala, gure adinekoen ahotsen bidez, Urzainki beste ikuspegi batetik ezagutu dugu. Antzinako denbora-pasak, tradizioak eta pasadizoak aurkitu ditugu. Hala ere, prozesu osoko gauza bakarrarekin geratu beharko bagenu, argi izango genuke.
Mari Carmenen ontasunarekin eta harekin solasean egindako barreekin geratzen gara.
Pedro Antonioren apaltasunarekin eta bere kabuz moldatzeko eta edozein egoeratara egokitzeko egindako ahaleginekin geratzen gara.
Estherren poztasunarekin eta xehetasunik txikiena ere baloratzeko eta eskertzeko duen gaitasunarekin geratzen gara.
Ferminaren umorearekin eta, garaiak markatzen zuenak eragin gabe, bere bide propioa jarraitzeko izan duen ausardiarekin geratzen gara.
Eta, jakina, Gabrielen irribarrearekin, Rufinaren energiarekin eta, bereziki, Jorgeren bihotzarekin ere geratzen gara, zeintzuekin, besteak beste, asko gustatuko litzaiguke proiektu hau gauzatzeko beraien parte hartzea izatea.
Eskerrik anitx bihotzez gure lau berriemaileei beren denbora, pazientzia eta eskuzabaltasunagatik. Eredu izan zarete guretzat.
ESKERRIK ANITX
Edurne Galetx García, Saioa Ederra Galetx, Lakora Eguiguren Garro, Ane Urriza Cherrail, Paula Urriza Cherrail, Ainara Macuso Iturralde, Virginia Atanes Galetx, Katrin Glaría Garro, Ane Gonzalo Galetx, Nerea Cabezón Aspurz eta June Landa Barace.
BORTA
SANTIAGO
Mari Carmenek bere lehen jaunartzearen eguneko argazki bat aukeratu du, oso egun polita eta berezia izan baitzen berarentzat. Egun horretan bertan, Miguel Ángel Galetx eta Hilario Jiménezek ere jaunartzea jaso zuten eta Lucio Cherraulek bere lehen meza eman zuen, beraz, egun handia izan zen herrian. Meza Urzainkiko elizan izan zen, Tourseko San Martini eskainia, eta ondoren prozesioa izan zen.
Argazkiaren unean, Mari Carmen frontoian dago, Justa maistrak erakutsi zion bertso bat errezitatzen. Oso zaila izan zen berarentzat ikastea, oso luzea zelako. Soinean zeraman soinekoa Bidankozeko amañik, Tomasa Ornat, egin zion, zeinak esku ona baitzuen josteko.
Mari Carmenentzat asko itxarondako eguna izan zen, arreta guztiak harengana zuzenduta baitzeuden, nahiz eta oparirik ez jaso, gaur egun bezala. Maitagarrien ipuin bateko printzesa balitz bezala sentitzen zen.
1954/06/29 | URRALEGI FRONTOIA
Hizlaria: Mari Carmen Landa Pasquel
Sortze data eta lekua: 1947/06/13, Urzainki
Etxearen izena: Santiago
Argazkiaren data: 2022/08/20
BORTA
AMATXO
Argazki honetan Pedro Antonio agertzen da Gazpar tabernan bere lagun batzuekin batera: Ignacio, Vicente (Burgui), José Miguel (Orduna), Nemesio (Martín Pérez), Pascual (Migueltxo) eta Jorge (Bruno). Ez daki argazkia herriko xeietan edo iganderen batean atera zuten, meza ostean igandero tabernara xoaten baitziren. Han adin guztietako gizonak elkartzen ziren musean edo “guiñote” kartetan aritzeko, eta partida galtzen zuenak gainonontzekoen edariak ordaintzen zituen. Astean zehar ere 20-30 gizon elkartzen ziren tabernan, kartetan jolasteko edo solasteko, ardoa edan eta pasta batzuk partekatzen zituzten bitartean.
Bestalde, erran digunez, taberna horretan geratzen ziren musikariak herriko jaietan, goiko aldean ostatua baitzen. Xeietako azken egunean, hala ere, mutilek antolatzen zuten eta, dirua aurrezteko, musikariak beren etxeetan hartzen zituzten, horrela ez baitzioten ostatuari ordaindu behar izaten. Pedro Antoniori, zehazki, ez zitzaion inoiz egokitu musikariak hartzea, laur urtez Erriberan egon baitzen bere ardiak zaintzen, eta beraz, urte horietan Urzainkiko jaiak “galdu” egin zituen.
1965 | GAZPAR TABERNA
Hizlaria: Pedro Antonio Necochea Conget
Sortze data eta lekua: 1934/03/14, Urzainki
Etxearen izena: Amatxo
Argazkiaren data: 2022/08/26
BORTA
BAINES
Esther bere arreba Concha Bainesekin eta Fermina Galetx eta Blanca Conget lagunekin agertzen da argazkian. Lau gazteak Urzainkin bizi ziren eta herriko eskolan ikasten zuten. Eskola, hasiera batean, banatuta zegoen eta neskak eta mutilak bereizirik zeuden, baina urte batzuk geroago eskola misto bihurtu zen. 14 urterekin, eskolatik ateratzen zirenean, etxean geratzea eta, noizean behin, baratzea zaintzera xuatea tokatzen zitzaien.
Argazki hau herriko errepidean aterata dago, Esther eta bere lagunak La Roncalesa pasatzen ikusteko egoten ziren tokian. Gaur egun ez bezala, garai hartan ez ziren auto asko pasatzen errepidetik eta, beraz, neskek paseatzeko eta sokasaltoan jolasteko aprobetxatzen zuten. Astean zehar kotxeen azpian ezkutatzera jolasten ziren, eta igandeetan, arratsaldeko arrosarioaren ondoren, paseatzera irteten ziren. Errepidetik paseatzen zutenean, mutilak ateratzen zitzaizkien laguntzera, eta batzuetan freskagarriren bat hartzera gonbidatzen zituzten. Hau zen neskak tabernara joaten ziren une bakarra.
Estherrek onartzen du ez zituela gaur egungo dibertsioak eta teknologia, baina hala ere oso zoriontsuak zirela.
URZAINKIKO ERREPIDEA
Hizlaria: Esther Baines Esparza
Sortze data eta lekua: 1931/06/20, Urzainki
Etxearen izena: Baines
Argazkiaren data: 2022/08/22
BORTA
VALERO
Ferminak Urzainkiko bere lagun batzuekin herriko xeietan frontoiaren atzean agertzen den argazki bat aukeratu du. Gaur egun ez bezala, antzina irailaren 8an ospatzen ziren, artzainak Erriberara xoan aurretik. Xeiegunetan orkestra oso onak etortzen ziren herrira giroa alaitzeko. Hauek 20:00etatik 22:00etara jotzen zuten eta, geldialdi baten ondoren, 00:00etatik 02:00etara. Musikariek atsedenaldi bat egiten zuten, eta dantzatzen ari ziren mutilak gonbidatzen zituzten haiekin moskatel kopa batzuk hartzera, Gazpar Etxeko ostatuan.
Garai hartako xeiak, gaur egungoekin alderatuta, oso bestelakoak ziren. Ferminak kontatzen digunez, apaizak debekatu egiten zien meza bezperan dantza egitea, baina bera apur bat “errebeldea” zen, eta ez zien jaramon handirik egiten arau horiei. Hala ere, biharamunean ez zen ausartzen konfesatzera, apaizak esango zionaren beldur. Hortaz, zera erabakitzen zuen: ez komulgatzea eta xeiak amaitu ostean Izabara igotzea, non beste apaiz batekin konfesatzen baitzen.
Berak eta bere lagunek asko gozatzen zuten xeiez, urte osoan zituzten bakarrak zirelako. Eta, motz geldituz gero, beti errepikatu ahal izaten zuen Erronkarin edo Uztarrozen, han geratzen baitzen ahaideen etxean.
URZAINKI
Hizlaria: Fermina Galech Barricat
Sortze data eta lekua: 1932/07/07, Urzainki
Etxearen izena: Valero
Argazkiaren data: 2022/08/20