BORTA, LIBURU IBILTARIA

Mendeetan zehar, landa-munduko bizimodua transmititzeko bitarteko nagusia izan da ahozkotasuna. Etengabeko informazio jarioan, sutondoko “egudiartxo” momentuen bidez edo lan desberdinetan ari zirela, adin nagusikoek leku izenak, kanta edota atsotitzak erakusten zizkieten gazteenei, baita edozein esparruko jakintzak, ohiturak, sinesmenak ere: identitateak sortzen diren kultura-ondarea.

Erronkaribarko belaunaldien arteko komunikazioa bultzatu, garai berrietara egokituz, horixe da Borta proiektuaren xedea. Egun ahozko transmisioak bestelako erreferentziak izan ditzake oinarri, grafikoak, adibidez , eta teknologia berriak lagun, babestu eta zabaldu egin ditzakegu.

Modu batean zein bestean, funtsezkoena pertsonen arteko harremanak dira. Mezuaren bidea eten ez dadin, bi borondateek bat egiten jarraitu behar dute: mutur batean, transmititzeko nahia daukan ahoa; bestetik, entzuteko prest dauden belarriak.

Erronkaribarreko zazpi herrietako boluntarioen lankidetzari esker, duela oso gutxi arte ohiko bizimoduaren berezko elementuak zirenak berreskuratu ahal izan dira, kontakizunez kontakizun eta argazkiz argazki, eskuetan duzun liburu bidaiari hau egiteko.

Zaindu dezagun, goza dezagun… eta batez ere, ahalbidetu dezagun mezuak jarrai dezala.

Erronkariko Bortak herriz herri

BORTAK, GURE HISTORIAREN TESTIGU

“BORTAk, gure etxeetako atariak, Erronkaribarreko historiaren testigu izandakoak, elkarrizketa ugariren toki xarmantak, BORTA nortasun baten zeinu”.

Gure ondarea bizirik mantentzeko, ezinbestekoa da belaunaldien arteko ahozko transmisioa, eta Borta proiektuak aurrean jartzen diguna, hori bera da. Erronkaribarreko Batzorde Nagusiak ezinbestekotzat jotzen du ehunka urteko ondare eta kultura zaintzea eta mantentzea, eta ildo horretan, piztuta mantendu nahi du konpromiso hau gure izanarekin.

Erronkaribarreko etxeetako BORTA, gure nortasunaren ikusle izan da, gure aurpegien begi. Etorkizunean datozen belaunaldiek, ondare honen sugarra mantentzeko konpromisoa dugu helburu. Pasatako mendeak atzean ditugu… etorkizuna datozenentzat. Garena atzotik datorkigu, datorrena biharko lana.

Eneko Eguiguren Ruiz

Presidente Junta General del Valle de Roncal / Erronkaribarreko Batzordeburu Nagusia

 

LOTZEN GAITUEN ONDAREA

Paisaia kulturalak komunitateen eta ingurune fisikoaren arteko etengabeko harremanen ondorioa dira. Bere aniztasunean paisaia kulturalek betidanik izan badituzte berezko elementu komunak eta, hain zuzen ere, horregatik ezin dira ulertu, bere naturari eta historiari lotuta ez badira. Zoritxarrez, hainbat arrazoirengatik, paisaia horiek zaurgarritasun egoeran daude gaur egun.

Naturaren eta historiaren arteko nahastearen emaitza gara, gure lurraldean belaunaldiz belaunaldi transmititutako hainbat ezagutza desberdinen emaitza. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu Erronkaribarrekin lotuta dagoen Errege Bardeatako Komunitateko ondare immaterialaren berreskurapena sustatzea.

XXI. mendearen hasiera honetan, BORTA proiektua aukera bikaina da gaur egun irudikatzen zailak diren bizimoduak ezagutu, bildu eta zabaltzeko. Baita belaunaldi berriak, hartzaileak izateaz gain, gure sustraiak ezagutzeko ezinbestekoak diren jakintzen eta balioen transmisioan parte har dezaten ere.

Eskerrik asko.

Jose Maria Agramonte
Presidente de la Comunidad de Bardenas Reales / Nafarroako Errege Bardeako Komunitateko Presidentea