GARDEKO BORTALARIAK
Herriz herri, jarrai bedi, arbasoen bizipen, ondarearen adierazpen.

Amaia Palacios Planillo eta Zuberoa Anaut Sagastibeltza
BORTA
JUAN DOMINGO
Argazkiaren erdian ikusten den eraikina Gardeko eskola zaharrak ziren. Bertan 5 eta 14 urte bitarteko ikasleak ikasten zuten, eta honela banatuta zeuden: goiko solairuan neskek Isabel Ancín maistrarekin ikasten zuten. Beheko solairuan mutilak zeuden Don Pedro García maisuarekin. Eskoletara ere kale bereizietatik sartzen ziren, baina jolas-garaian elkartzeko aukera zuten. Jolas desberdinekin jolasten ziren, eta haien artean tabak eta soka ziren nagusi.
Neguko hotzari aurre egiteko, egunero ikasle batek egurra eramaten zuen eta Inocencio Alastueyk (aguazilak) berogailua pizten zuen. Aurrerago, udala arduratu zen egurra hornitzeaz.
Marcelinak kontatzen digu oso oroitzapen onak dituela idatzi eta Iruñera bidaltzen zituzten idazlan guztiez, baina bereziki nabarmentzen zuen atzerriarekin egiten zuten ipuin-trukea.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren Marshall Plana jardun zen, eta Gardeko eskoletan esne-hautsa eta gazta jasotzen zituzten, ikasleek elikatzeko aukera izan zezaten.
1930 | GARDEKO ESKOLA

Hizlaria: Marcelina Alfaure Pérez
Sortze data eta lekua: 1942/03/09, Garde
Etxearen izena: Juan Domingo
Argazkiaren data: 2022/06/23
BORTA
DÁMASO
Zuberoako baselizan ateratako argazkia dugu aztergai. Gardeko herritik 6 kilometrora kokatuta dago, Kalbeira mendian. Urtero 4 igoera egiten zirela kontatzen digu hizlariak: Pazko-igandean, Mendekoste egunean, jaiotza egunean (irailak 8) eta Santa Teresan (urriak 15). Gaur egun, urtean lau egunetako ohitura mantentzen da.
Igoera oinez egiten zen, 3 bide desberdinetatik burutzeko aukera izanik. Hala ere, adinekoak eta etxean mandoak zeuzkatenak animalien gainean igotzen ziren. Egun hauetarako animalia hauek asko apaintzen zituzten. Esaterako, argazkiaren hondoko partean aipatutako mando bat ikus dezakegu.
Meza eta gero, familiak mahaika antolatzen ziren. Goiko argazkian erreparatuta 4 familia bereizten dira: Dámaso (gure hizlariaren familia), Pollar, Cuchatera, eta aguazilaren familia. Eserleku moduan elizako bankuak erabiltzen zituzten. María Pilarrek, bitxikeri moduan, kotatzen digu banku horiek lehen aldiz sorbalda gainean igo zituztela Gardeko gizonek goiz bakar batean. Bazkal ostean adineko gizonek erromeria girotzen zuten ohiko abestiak kantatzen zein dantzatzen.
1956 | ZUBEROAKO BASELIZA

Hizlaria: María Pilar Fuertes Galech
Sortze data eta lekua: 1942/07/29, Garde
Etxearen izena: Dámaso
Argazkiaren data: 2022/06/22
BORTA 161
LANDA
Argazkiak erronkariar artzainek, Vicentek adibidez, Erronkariko Haranetik Bardenara egiten zuten transhumantzia irudikatzen du. Iraupena 8 eta 14 egun artekoa zen. Jaitsiera irailean egiten zen, lehen elurteak iristen zirenean. Vicentek odisea bat bezala deskribatzen du etorrera, Bardenara sartzeko data eta ordua aurrez zehaztuta zeudelako eta artzain guztiek sartzen lehenak izan nahi zutelako.
Artalde bakoitzak gune bat zuen markatuta, baina gauak pasatzeko beste artzain batzuekin biltzen ziren. Horri esker, gauez zaintza-txandak egin zitzaketen. Hala eta guztiz ere, artaldeak nahasten ziren, eta hurrengo egunean artzain nagusiek azienda inguratzen zuten bitartean, gazteak artaldeak banatzeaz arduratzen ziren. Hilean behin, artzainak beren herrietara itzultzen ziren hornidura bila.
Igoera beroaren menpe zegoen, eta apiriletik ekainera arte luza zitekeen. Garde herriak Larran zituen bere eremuak esleituta, San Martin Harriaren eskuinaldean. Artzainak astoz jaisten ziren herrietara.
Jarduera honen etekin ekonomikoa artzain bakoitzak bere ardietatik lortzen zituen arkumeetan oinarritzen zen. Vicenteren kasuan, industrializazioaren etorrerarekin, bere ardiak saldu eta Iruñeko fabriketara jaitsi zen.
1930 | BELAGUA

Hizlaria: Vicente Bueno Mainz
Sortze data eta tokia: 1940/08/06, Bidankoze
Etxearen izena: Landa
Argazkiaren data: 2022/08/15