ERRONKARIKO BORTALARIAK

 

 

Nondik gatozen ezagutzeak eta gure herriaren historia jakiteak komunitatea zein beharrezkoa den ulertzeko eta ikasteko balio digu.

Pertsona horien guztien kontakizunak entzuteak eta irakurtzeak denboran zehar bidaiatzeko aukera eman digu eta, aldi berean, istorio txikien bidez, haien bizimodura hurbiltzekoa. Opari bat eta ikasteko aukera bat.

erronkari

Ane Oteiza Boj, June Garate Zazu, Izaro Baines Arregui, Leire de la Peña Aoiz, Oscar Alastuey Ustés eta Markel Baines Arregui.

BORTA

ZAZU

Argazki hau Txarpa etxeko txokoan dago aterata, non arratsaldero nire amañia bere auzokideekin elkartzen zen, Amparo eta Damasita. Puntua egiten eta galtzerdiak adabatzen pasatzen zuten denbora, pasadizoak kontatzen eta herrian gertatzen zen guztiaz hitz egiten zuten bitartean. Haurrak eskolatik ateratzen zirenean, alabak hurbiltzen zitzaizkien eta kontatzen zituzten istorioak entzuten zituzten. Auzoko bizitza asko egiten zen urte horietan, txoko horretan bertan askariak eta afariak prestatzen ziren, urtebetetzeak ospatzen zituzten eta beti abesten eta gitarra jotzen amaitzen zuten. Garai hartan auzoko guztiek oso harreman estua zuten, denbora asko ematen zuten elkarrekin, ez baitzuten telebistarik, mugikorrik…

1979 | TXARPA TXOKOA

Hizlaria: Patro Artuch

Sortze data eta lekua: 1938/06/15, Erronkari

Etxearen izena: Zazu

Argazkiaren data: 2022/08/02

BORTA

AOIZ - ORDUNA

Lola Ordunak 1950 inguruan kokatzen du argazki hau, berak 17 edo 18 urte izango baitzituen. Bere lau ahizparekin eta bere lehengusina Cochitarekin dago Zokoako eskaileretan. Jaieguna izago zen eta argazkia hoteleko gonbidaturen batek egingo zuen, garai hartan inork ez baitzuen argazki-kamerarik. Cochitak lan asko egiten zuen bere familiakoa zen hotelean, ia ez zen irteten. Gogoan du jaietan ere egun osoa lanean ematen zuela, eta azken orduan bakarrik ateratzen zela plazara dantzaldiren bat egitera.
Eta gai honek orduko lanez hitz egitera garamatza. Argazkian ahizpa bat falta da, osaba bat Madrilera lanera eramana zuena. Beste ahizpa zaharrenak Erronkariko jostunarekin, izeba Concharekin, josten eta lanbidea ikasten egiten zuen lan. Eta Lolak eta beste ahizpa txikienak bere semeak garbitu eta zaindu egiten zituzten. Pezeta bat ordaintzen zieten ekuneko, gogoratzen duenez. Lan horietan, behin baino gehiagotan egokitu zitzaion garbitegiko izotza haustea. Bere aitak, Francisco Ordunak, Iratin (egungo Enaquesa) lan egiten zuen, Serrería y Destilería izenekoa. Denek lan egin behar zuten, oso familia handia baitzen. Lolak soinean daraman soinekoaz ere hitz egiten digu, haiek egiten zituztelako, baita zaharrenak urkilekin igotzen ziren txirikordadun orrazkerez ere. Conchita La Roncalesatik (gero La Tafallesa) jaisten ere gogoratzen du, hain modernoa iruditzen zitzaien bolante-gona horrekin.

 

1950 inguru | ZALTUA

Hizlaria: Dolores Orduna López

Sortze data eta lekua: 1932/03/23, Erronkari

Etxearen izena: Aoiz – Orduna

Argazkiaren data: 2022/08/01

BORTA

EL REY

Argazkian Agapito Boj (astoarekin) eta Luis, Mercedes eta Primitivo Garate lehengusuak agertzen dira. Argazkia Casa el Rey-n dago, “El Cantón”-en, antzina bizilagunak hitz egitera biltzen ziren lekuan.

Argazkian agertzen den astoa baratzean lan egiteko eta aitona lekuetara eramateko erabiltzen zuten.

Garai hartan, txikienek arratsaldeak jolasten ematen zituzten, besteak beste, honako jolasetan: “Safo”, “Zibilak eta lapurrak”… Zaharrenek frontoian jokatzen zuten pilotan, eta igandeetan “eztabaidak” izaten ziren frontoia nork okupatzen zuen lehenbizi ikusteko.

Agapitok oso oroitzapen onak ditu Erronkarin bizi izan zuen haurtzaroaz, eta horregatik aukeratu dugu argazki hau.

 

ETXE AURREAN

Hizlaria: Agapito Boj Garate

Sortze data eta lekua: 1937/07/19, Erronkari

Etxearen izena: Casa el Rey

Argazkiaren data: 2022/08/02

BORTA

ALLEGRE

1. ARGAZKIA

Argazki hau Zangozako argazkilari batek egin zuen (Fotos Mena), Erronkariko xeietan zetorrena, garai hartan ez baitzegoen argazki kamerarik herrian.

Irudian herriko gazteak ikus ditzakegu, Erronkariko xeietako egun batean (abuztuaren 15ean), garai batean plazan zegoen Julián Gayarreren bustoaren ondoan. 

Brígidak garai hartako jaiez gehien gogoratzen duena plazako dantzak dira. Zangozako Estabolite orkestra omen zetorren eta festa guztietan jotzen omen zuen.

Eguerdian, kontatzen duenez, intxaurrondo batean, gaur egun Interpretazio Zentroa dagoen lekuan, hasten omen zen musika eta plazaraino joaten zen kalejiran. Arratsaldean dantzaldia plazan egiten zen eta afaldu ondoren musika amiñi bat ere bazegoen. Pasodobleak, jotak, baltsak… dantzatzen zituzten eta Brígidak anitx disfrutatzen zuen, dantzatzea biziki gustatzen baitzitzaion.

Gainera, herrian zehar kantuz errondak egiteko ohitura handia zegoela dio.

2. ARGAZKIA

Zenbait gaztek antzerkiak eta komediak prestatzen zituzten eta ondoren herrian antzeztu eta, irabazitako diruarekin, Xabierrera txango hau antolatu zuten Graziako bederatziurrenerako. 

Argazkian Brígida eta beste hainbat gazte ikus daitezke, Teodoro Luz-ek zuen garraio kamioian Xabierrera joan zirenak. Antza, bazkaria etxetik eraman zuten eta, arratsaldean, bederatziurrena entzun, arrosarioa otoiztu eta Erronkarira itzuli ziren. 

Irakasleek antzezlanak hautatu eta paperak banatzen zituzten. Brígidak gogoan du López etxean egiten zituztela entseguak.

3. ARGAZKIA:

Suposatzen dugu argazkia une horretan bertatik igaro zen kanpotar batek egina dela. Izan ere, argazkiaren atzealdean, “Erronkariko (Nafarroa) herritik igaro gineneko oroitzapen bat” dago idatzita.

Bertan Brígidaren osaba, Simeón Gayarre, ikus daiteke behiei ura ematen. Garai hartan herriko hainbat etxetan omen zeuden behiak, eta jabeek txandak egiten zituzten behiei ura eman edo bazkatzera eramateko. 

Apurka-apurka behiak eta ahuntzak herriko etxeetatik desagertu ziren.

1942AN INGURU | PILOTALEKU PAREAN

1943/03/07 | XABIER

1950 | EZKA IBAIA

Hizlaria: Brígida Tolosa Gayarre

Sortze data eta lekua: 1926/02/01, Erronkari

Etxearen izena: Allegre

Argazkiaren data: 2022/08/03

BORTA

TXAPARDOIA

José Miguel Ustések argazki hau Iruñeko Ziutadelan kokatzen du 1951. urtean, soldaduskan, 19 urte zituela. Irudian, Erronkari ibarreko 5 lagunekin batera agertzen da, 3 Izabakoak eta 2 Burgikoak.

Argazkian, soldaduskako janariaren deia agertzen da. Bertan, platerrak aluminiozkoak ziren, eta ertzak zuzentzen zizkieten kantitate handiagoa jan ahal izateko.

Soldaduska derrigorrezkoa zen, eta bertan 18 hilabetez egon zen. 100 ziren Iruñeko konpainian destinatutakoak. Goizetan, udan, igeriketa, eskalada eta antzeko jarduerak egiten zituzten. Ondoren, armamentu teorikoa, bonbak eta gerretan erabiliko zuten guztia izaten zuten. Gero tiro egitera joaten ziren zelaira. Eguerdiko ordu batean, arrantxoa jaten zuten, geroago, 6ak edo 7ak aldera, formatu eta hiriburutik ateratzen ziren. 9ak aldera afaltzen zuten eta gero lotara 10ak aldera. Ordu horretan korneta bat jotzen zuten, isiltasuna adierazten zuena eta hitz egiterik ez zegoena.

Bere espezialitatea armamentua zen, desmuntatzea, garbitzea eta armak berriz muntatzea helburu. Zorionez, ofizial bat gaixotu egin zen, kapitainak gainerako errekrutei deitu eta irakurtzen eta idazten zekienari aurrera pauso bat emateko agindu baitzien. José Miguelek, horri esker, postu bat lortu zuen bulegoan.

1951 | IRUÑEKO ZIUTADELA

Hizlaria: José Miguel Ustés

Sortze data eta lekua: 1931/12/29, Erronkari

Etxearen izena: Txapardoia

Argazkiaren data: 2022/07/31